2007-01-31

Jarrai - Haika - Segi

Gazteria independentistari babesa eskaini dio Ikasle Abertzaleak-ek
.
Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatu eta gazteria independentistari babesa eman dio IAk. Inongo auzitegi arrotzek ezin ditu herri honetako kolektiboek garatzen dituzten dinamikak legez kanpo utzi, are gutxiago, proiektu politiko konkretu bat defendatzea terrorismotzat definitu. Segiren izaera politikoa aitortzen dutela azpimarratu dute, eta gazte erakundearekin orain arteko harreman politiko berbera mantenduko dutela, izan ere, agintari atzerritarren erabakiek ez dute oztopatuko Ikasle Abertzaleaken inongo dinamika ez eta interlokuziorik, ez orain ez inoiz.
.
Ikasle Abertzaleak-en oharra:
.
Ikasle Abertzaleakek prentsa agerraldi honen bidez bere iritzia ezagutarazi nahi du Espainiako Auzitegi Gorenak joan den urtarrilaren 19an Jarrai, Haika eta Segi talde terroristatzat izendatuz hartutako erabakiaren inguruan.
.
Gaur hemen bildu garen ikasle eta abertzaleok Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatu eta gazteria independentistari babesa eman nahi diogu. Inongo auzitegi arrotzek ezin ditu herri honetako kolektiboek garatzen dituzten dinamikak legez kanpo utzi, are eta gutxiago, proiektu politiko konkretu bat defendatzea terrorismotzat definitu.
.
Ikasleok ongi dakigu agintari ezberdinek zer nahi duten herri honetako ikasle eta gazteontzat. Etorkizuneko jendartea kontrolpean izan nahian eta hau espainola eta frantsesa, atzerakoia eta patriarkala egin nahian edozer egiteko gai dira. Kritikotasuna eta eraldaketarako grina isiltzeko hamaika neurri hartuak dira eta joan den astekoa beste bat besterik ez da. Oinarri oinarrizkoak diren batzartzeko, adierazteko eta kolektibo gisa jarduteko eskubideak ukatuak dira herri honetan. Eskubide demokratikoak urratzen darraite agintari espainolek.
.
Gu gara etorkizuna, guk egiten dugu etorkizuna. Jokabide demokratiko oinarrizkoa da etorkizunerako proiektu konkretu bat garatzea, baina dirudienez hori ez da herri honetan bermatzen. Etorkizunean independentzia nahi dutenek zilegitasun osoa izan behar dute horretarako lan egin eta borrokatzeko. Lan honetan izan da Segi gazte erakundea urteetan zehar eta lan politiko honi zilegitasun osoa aitortu nahi diogu.
.
Zentzu honetan, Segiren izaera politikoa aitortzen dugu eta gazte erakundearekin orain arteko harreman politiko berbera mantenduko dugula adierazi nahi dugu. Agintari atzerritarren erabakiek ez dute oztopatuko Ikasle Abertzaleaken inongo dinamika ez eta interlokuziorik, ez orain ez inoiz.
.
Beraz, alde batetik babes osoa helarazi bahi diegu kriminalizatua izan den independentziaren aldeko gazte mugimenduari eta irmoki salatu behar dugu jokaera antidemokratiko hau. Bestetik, gure konpromisoa berretsi nahi dugu ikasle eta gazte guztion eskubide demokratikoak, eskubide zibil eta politikoak, hala nola, antolatzeko, adierazteko eta kolektibo gisa jarduteko eskubideak lortu arteko borrokan tinko mantentzeko.
.
Gazteria independentista aurrera!

2006-12-31

Jarrai - Haika - Segi

Esparru ezberdinetako hainbat kidek zilegitasuna aitortu diote SEGIri

25 urte baino gehiago daramatza Gazte Erakunde Iraultzaileak independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan. Bide horretan, milaka lagun izan dira antolatzen eta borrokatzen aritu direnak. Orain, urtarrilean, ebaztekoa da Jarrai-Haika-Segiren kontrako epaia. Auzitegi Gorenak "ilegaltzat" edo "terroristatzat" jo dezake Segi, honen harira, 24 inputaturen eta azken finean euskal gazteria osoaren kontrako epaia izan daiteke.


Segiren alde eta sasi-epaiketen kontra hainbat izan dira atxikimendua eskeinitako musikari, kirolari, bertsolari eta eragileak. Euskal Gazteria Aurrera izendatutako manifestua irakurri zuen Kloratita musika taldeko kantanteak bertaratutako guztien izenean. Hauen esanetan, "euskal gazteriak betidanik izan du Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeko nahia", nahiz eta, "argi zegoen gazte indarrarekin amaitu nahi zela eta norabide horretan ilegalizazioak eta gazte erakundeetako kideen atxiloketak eman ziren". Aste gutxi barru kaleratuko den epaiaren inguruan ere mintzo izan ziren lagunak. Ilegalizazio ororen kontra agertu ziren, gainera, sinatzaileek, edozein kolektiboren eskubidea bere helburu politikoak lortze bidean "antolatzea eta borrokatzea" dela gehitu zuten; ondorioz, Euskal Herriko musikari, kirolari, eragile... andanak "Segi Gazte Erakundearen jarduera soziopolitikoa zilegiztatzen dugu".

2006-12-24

Euskal Herriko selekzioak

"Konpromisorik gabe, babesik ez!"
.
.
Euskal Selekzioaren aldeko manifestua:
.
1. Gaur egun, gure herriari, Euskal Herriari, ez zaio aitortzen selekzio propioa izateko duen eskubide kolektiboa. Horren ondorioz, euskal kirolariok nazioarteko txapelketa ofizialetan ezin dugu parte hartu euskal selekzioarekin. Eta, gainera, diziplina federatiboa dela eta, derrigortuta gaude txapelketa horietan gure herriak bereak sentitzen ez dituen koloreekin egitera, hau da, Espainia eta Frantzia ordezkatzera.
.
2. Gu euskal kirolariak garenez, euskal nazioaren koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugula aitortzen dugu. Beraz, Euskal Selekzioak nazioartean eta txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubide kolektiboan oinarrituta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu.
.
3. Euskal Herria bere osotasunean ordezkatuko duen selekzioa nahi dugu, eta horretarako, Euskal Herriko Federazio Nazionalak behar ditugu.
.
4. Eta horretarako, guztion laguntza beharrezkoa da. Horregatik, gure aldetik saiatuko gara bidea jorratzen, ea guztion artean, egun ametsa besterik ez dena, ahalik eta azkarren, errealitate bihurtzen dugun.
.
Abenduaren 27an jokatuko den futbol partiduaren aurrean, Konpromisorik gabe, babesik ez!
.
GORA EUSKAL HERRIKO FEDERAZIO NAZIONALAK!

EHNA

Hamaika ekimen burutu dira EHNA Erabili Egunean
.
.
Egun, Euskal Herriaren aitortza inoiz baino ozenago entzuten da jendartean. Gero eta gehiago dira Euskal Herria aitortu eta EHNA (Euskal Herriko Nortasun Agiria) erabiltzen dutenak. Hala ere, badira euskaldun gisa bizitza arrunta eramatea oztopatzen duten enpresa, lokal, administrazio...
.
Honen harira, BAI Euskal Herrirari ekimenak hainbat deialdi zabaldu du abenduaren 23an burutzeko. Egun hau, EHNA Erabili Egun nazionala da.
.
Herri ezberdinetan ekimenak izan dira, besteak beste, Barakaldoko IKEAn, Pasaiako EuskoTrenen eta IF dendan, Tolosaldean, Bergaran, Donostiako EuskoTrenen eta FNACen...
.
Ehunka herritarrek "nazio bat garela" aldarrikatu eta EHNA eskuan ekimenak burutu dituzte. Gainera, herri ekimenaren kide baten esanetan "oraindik ere, euskal herritarren eskubideen ukazioa sistematikoa da". Antolatzaileek ekimenen inguruan adierazitako iritziaren arabera, "Euskal Herriak behar duen eskenatoki demokratikoak euskal herritarron naziotasuna aintzat hartu behar du".

Neguko Eguzki Jaia

Aldarrikapenez betea igaro da Bilboko Neguko Eguzki Jaia
.
Bilboko gazteek ozen irudikatu dute euren eskubideak salgai ez daudela. Hainbat eragile izan dira erasoen aurrean kalera irten eta gogor erantzun dutenak, besteak beste, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Segi, Kaskagorri gazte konpartsa eta Santutxuko Gazteon Kultur Elkartea.
.
Bilboko gazte mugimenduaren oharra:
.
Euskal Herriko Bilgune Feministak publizitatean emakumeok pairatzen ditugun erasoak salatu ditu; hainbat dira data hauetan emakumeon irudia desitxuratu eta objektu sexual bezala erabiltzen dutenak; honen aurrean Emakumeon duintasunaren kontra doalako, publizitate sexistarik ez!
.
Segik bestalde, Euskal Herriaren alde eta honek jasaten duen errepresio ororen kontra erantzun zuzena eman du Euskal Herri ekologista, feminista, sozialista, independentea... aldarrikatuz. Honengatik Segi borrokan, Segi antolakuntzan!
.
Ikasle Abertzaleakek, zatiketa administratiboak dakarren hizkuntz eskubideen urraketa, hau da, Euskal Herrian euskeraz ikasteko ezintasuna, salatu du. Tontxu Campos, Luis Campoy eta Gilles de Robien dira ikasleak euskaldunduak ez izatearen errudunak. Nahikoa da, Euskaraz ikasi eta bizi, ikasleoi iruzur gehiagorik ez!
.
Bestalde, Bilboko gazte kultur elkarteek ere, neguko eguzki jaian ohitura zaharren sustapena eta euskal kulturaren aldarrikapena kalera irtenda babestu dute. Baserritarrez jantzi eta kantu kantari goiz goizetik aritu dira bilboko kale ilunak euskal kulturaz argitu nahian.
.
Gazte ugari elkartu da Neguko Eguzki Jaiean ERNAIren (Santutxuko Gazteon Kultur Elkartea) gonbiteri jarraituz, goizean goiz Santutxuko 30 gazte inguru Herriko Tabernan bildu dira urteroko ohiturari jarraituz, baserritarrez jantzita eta giro alaian euskal musikarekin gosaltzeko asmoz. Txorizoa, arraultzak, urrak eta sagardoa dastatuta, triki-kalejira burutu dute auzotik. Pandero eta trikitixa soinuarekin Alde Zaharreraino heldu dira.
.
Bertan, KASKAGORRIk (Bilboko Gazte Mugimenduaren Konpartsa) antolatuta dozenaka gazte bildu dira. Eguneko giro apartak lagunduta poteo bat burutu dute bilboko Alde Zaharreko tabernetatik. Batzuk, kantari ere aritu dira euskal musika lagun. Ondoren, Solokoetxeko eskaileretan bazkari herrikoia prestatu dute. Euskal jakiak ez ziren falta izan.

2006-12-20

Urteurrena

Herrira Plataforma, 10 urte presoen eskubideen defentsan eta aurrera!
.
.
Santutxuko Herrira Plataformak 10 urte daramatza euskal presoen eskubideen defentsan borrokan. Urtemugaren baitan, dokumentu berritua eta jasotako atxikimendu mordo aurkeztu dute burututako auzo asanblada batean.
.
Asanbladaren kronika:
.
Herrira Plataformak asanblada ireki bat burutu du Santutxuko Karmelo elizako lokaletan. Bertan, presoen eskubideen defentsan daramatzan 10 urteen balantzea egin zen. Ondoren gaur egungo egoerarekin batera, plataformak, dokumentu berritu bat aurkeztu zion auzoari. Asteetan zehar, honen gaineko atxikimendu bilketa bat egin izan da auzoko eragile, elkarte eta norbanakoekin ere. Azkenik eta Herriraren inguruko eztabaida batekin, antolatzaileek euskal preso eta iheslarien eskubideen alde bakoitzak lan egiten duen esparruaren arabera konpromezuak har ditzan eskatu dute. Gainera, datorren astelehenean, abenduak 25 burutuko den Herriraren manifestaziora joateko deia luzatu dute.

2006-12-18

Mobilizazio eguna

Abenduaren 20a mobilizazio eguna izendatu du Ezker Abertzaleak


Hainbat eragileren babesarekin, Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak mobilizazio eguna deitu du abenduaren 20a; jendarte osoa "autodeterminazioaren alde, balditza demokratikoen alde" mobilizatzera gonbidatu du.

Prentsaurrekoan aipatu diren hainbat puntu:

Zuen aurrean gaudenok, martxoaren 22tik gaur arte errepresio politikoak zuzenki kolpaturikoak gara. Kolpatua izan den herritar multzo oso zabal baten islatxo bat baino ez.
.
Amnistiaren aldeko mugimenduak, azken zortzi hilabeteetan errepresio politikoa lehen eskutik jasan duten pertsona eta eragileekin batera, mobilizazio egun baterako deia luzatu nahi dio Euskal Herriari. Abenduaren 20an, Autodeterminazioaren alde, baldintza demokratikoak Euskal Herriarentzat lelopean burutuko dena hain zuzen.
.
Dei hori egitera bultzatu gaitu, azken ia 9 hilabeteetako balantzea egiterakoan, argi gorri guztiak pizturik daudela uste dugulako. zergatik diogu hau? Euskal Herrian ilusioa eta itxaropena piztu zuten prozesu demokratikoa, erabat ezindurik eta jadanik hondoratua edo hondoratzear dagoelako.
.
Prozesu demokratikoa eta errepresio politikoa, guztiz batera ezinak dira. Mila bider errepikatu dugu hau, baina estatuen esku -hartze politiko -errepresiboak, ez du etenik izan azken 9 hilabeteotan.

Gose greba

Elkartasuna Iñaki de Juanaren gose grebako 42. egunean

De Juanak 42 egun daramatza gose greba mugagabean; aurrekoan beste 63 egun egon zen baraualdian.

Joan den larunbatean, hilak 16, Bizkaiko Bertso Txapelketareki bat eginik, ehunka pertsona bildu ziren Euskalduna jauregiaren atarian Iñakiren askatasuna exijitzeko.

Halaber, Askatasunak adierazi duenez, Puerto IIko espetxean, Sebas Lasa eta Gorka Martinez euskal preso politikoak gose greba mugagabean daude, baita, joan den abenduaren 11tik. Iñaki de Juanaren kontrako heriotza ziogorra eta preso politikoen kontrako bizi arteko zigor inposizioa borrokatzea dira gose grebaren helburuak.
.

Gainera, Askatasunak iragarri duenez, abenduaren 20ean, asteazkenean, Ezker Abertzaleak deituta izango den mobilizazio egunean parte hartzeko deia luzatu dio euskal jendarte guztiari.

2006-12-17

Bapatean bizkaia

Xabi Paia, Euskaldunan txapeldun
.

Zortzietatik gazteenak eraman du txapela azken urteetako Txapelketarik lehiatuenean. Etxahun Lekuek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen saio borobila burutu ostean.
Arratsaldeko 17:30tan hasi zen txapelketa. Zortzi finalistak oholtzara igo eta banan-banan hasi zuten agurrarekin saioa. 2000 lagun baino gehiagok jarraitu zuten zuzenean ikuskizuna eta dozenaka kidek, Euskaldunaren auditorio ondoan egokitutako beste gela baten jarraitu zuten.
.

Aurtengoa azken urteetako txapelketarik lehiatuena izan da, izan ere, puntu gutxigatik ez dira emaitza erabat aldatu.
.
Puntuaketa:
.

1. Xabier Paia 842,5
2. Etxahun Lekue 839,5
3. Iratxe Ibarra 498
4. Arkaitz Estiballes 487,5
5. Onintza Enbeita 487
6. Fredi Paia 486,5
7. Ibon Ajuria 476
8. Igor Muniategi 466
.
Iñaki de Juana gogoan
.
Saioak aldarrikapena ere izan zuen. Bertsolariak Iñaki de Juanaren askatasunaren aldeko kamiseta bana jantzita burutu zuten lana. Bertsotan ere behin baino gehiagotan aldarrikatu zuten euskal presoen etxeratzea edota iheslarien herriratzea. Dena den, bihotza taupaka irabazle gazteak jarri zuen "gose greban duen semeari"abeztu behar izan zionean.
.
Hona hemen Xabi Paiaren bertsorik sakonena:
.

Artikulu bat idatzi eban
barru barrutik kolpera
sentitzen eban hori azaldu
eban berbetan sobra
horrek ostera bere bizitza
ezin eroan hobera
ta epaileak agindu eban
berriz bota espetxera
gurago neban esan baleusta
horra semea etxera
Iñaki segi aurrera
ez egizu egin behera.
zeure barruan indarra dago
ta indar hori atera
zugaz batera hilko dalako
bake prozes
ua bera.

Euskara sarean

Sareko euskarazko produktuen katalogoa, abian
.
Bizkaiko 30 udaletako Euskara Zerbitzuk sustatuta, Sareko euskarazko produktuen katalogoa aurkeztu da Bilbon. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) osatu, Euskaltelek babestu eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Alkarbideren laguntzaz kaleratu den katalogo honen helburua 16 eta 26 urte bitarteko gazteei Interneten dauden euskarazko produktuak hurreratzea da.


Bilbon emandako prentsaurrekoan Gotzon Loberak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendariak; Imanol Landak, Getxoko alkateordeak; Lore Erriondok, UEUko Zuzendariak eta Rafa Bañalesek, Euskalteleko ordezkariak hartu dute parte.
.

Azken hauen esanetan, katalogoak bi atal izango ditu:

-Lehenengoa, Sarean Blai da. Bertan, euskarazko softwarea, baliabideak, blogak euskaraz egiteko tresnak, denbora-pasarako jolasak, txateatzeko guneak, aldizkari elektronikoak eta beste hainbat guneri buruzko informazioa kaleratzen da.
-Bigarren atala, Ikusi eta Ikasi da eta hezkuntzarekin lotutako baliabideen informazioa bideratzen da. Besteak beste, apunteak, liburuak eta ariketak dituzten guneak, datu-baseak eta liburutegietako katalogoak.

2006-12-16

Bapatean bizkaia

Bizkaiko bertso finala izango da gaur, Euskalduna jauregian

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala gaur, abenduak 16, izango da Bilboko Euskalduna jauregiko areto nagusian. Finalaurrekoan dauden bertsolariak hauexek izan dira: Xabier Paya, Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue eta Igor Muniategi.


2.200 sarrera jarri dira salgai eta inoiz baino lasterrago agortu dira, finalistak izendatu baino arinago, hain zuzen.
Eskaera handia izan da eta horri erantzun nahian, Bizkaiko
Bertsozale Elkarteak Euskalduna Jauregiko areto txikiago batean finala proiektatuko du. Horrela, beste 613 pertsonek jarraitu ahal izango dute finala, Euskaldunan bertan, eta zuzenean.

Euskara

Manifestazioa izango da gaur Iruñean "Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, Ofizialtasuna!" lemapean
.
Autobus geltokitik abiatuko da 17.30tan Euskal Herrian Euskarazek euskararen normaltasunerako eta euskal lurralde guztietarako ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestazioa.

Hainbat eragilek ere bat egin dute gure hizkuntzaren defentzaren aldeko manifestazioarekin, besteak beste EHBEk, IAk eta Segik. Hauen aburuz, euskarak bizi duen egoera "tamalgarria" PNV eramaten ari den "ley del vascuenceren" porrotoaren seinale besterik ez da. Gainera, eragileok adierazi dutenez, euskararen egoera "negargarria" bada oraindik orain, zer esanik ez hezkuntzaren arloan, "hau ez da salbuespena".

Beraz, hizkuntza baten alde, lurralde baten alde, legedi baten alde eta ofizialtasunaren alde, herritar guztiak Iruñeara joateko deia luzatzen du EHEk.
.