2006-10-26

Euskal Herriak autodeterminazioa!

Ehunka euskaltzale hurbildu dira Europar Parlamentura prozesuari bultzada eman asmoz

8 izan dira orotara Oiartzundik abiatutako autobusak, indar polizialen trabak gainditu eta bidai luzeari ekin diotenak. 400 kide baino gehiago izan dira euren herrialdetik Estrasburgora abiatu direnak. Helburua argia, Euskal Herriaren aitortza. Euskal Herritik bertara gerturatu eta Joseba Alvarezek, Batasunako mahaikideak, gidatutako ekitaldia burutu da bertan.

Hau guztia Euskal Herriak autodeterminazioa! kanpainaren harira antolatua izan da ezker abertzaletik, izan ere, Europar Parlamentuan euskal gatazka eztabaidatu da eta «euskal herritarren presentzia nahitaezkoa izan da».
Parlamentu barruan hainbat euskal ordezkaritza sozial, sindikal eta politiko egon da; aipatzea dago, gainera, Batasunari sarrera ukatu egin zaiola, dena den, kanpoaldean burutu da ekitaldia. Bitartean, parlamentuan, eztabaida eta bozkatzeari eman zaio txanda. Azkenik, 10 bat bozkako aldearekin, prozesuari onespena eman zaio eta Europar Batasunaren babesa izango du. Dena den, Alvarezen hitzetan, Euskal Herrian dago gakoa, lurraldetasunean eta autodeterminazioan. Honengatik «borrokatzen jarraitu beharko dugu».

2006-10-23

Alde Hemendik!

Guardia Zibil espainolak eta Ertzaintzak Euskal Herriko hainbat herriko taberna miatu dituzte

Gaurko egun osoan zehar Euskal Herriko auzo eta
herri ezberdinetako 17 Herriko Taberna okupatu ditu Guardi Zibilak. Auzitegi Nazionalaren aginduari jarraiki, lokaletan sartu eta Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna legez kanpo utzitako alderdien ondasunen "inbentarioa egitea" izan da xedea.
Nafarroan, Iruñako Arrotxapea eta Txantrea auzoetako, Tudelako, Leitzako, Atarrabiako, Burlatako, Altsasuko eta Tafallako egoitzak itxi dituzte miaketa egiteko. Arrotxapeako herriko tabernaren aurrean 40 bat lagun bildu dira, protesta egiteko.
Araban, Gasteizekoan eta Aguraingoan sartu dira indar polizialak. Ertzaintza, bestalde, Labastidan dagoen herriko tabernan sartu da.
Gipuzkoari dagokionean, hiriburukoan bakarrik izan dira poliziak. Hala, Alde Zaharreko herrikoan eta "Marruma" elkartearen egoitzan sartu dira. Zarautzen ere miaketak egin ditu Guardia Zibilak.
Bizkaiari so eginez, Portu
galeten, Durangon eta Santutxun izan dira Espainiako indar polizialak. Santutxuko herriko tabernara sartu direnean, langile eta bezero bat besterik ez zegoen barrualdean; hauek, hormaren kontra jarri eta identifikatu dituzte. Bezeroa lokaletik irteten utzi arren, langilea barruan egotera behartu dute. Kanpoaldean 50 bat lagunek kontzentrazioa egin dute “Euskal Herria aitortu, errespetatu. Alde hemendik!” lemapetan; ondoren, “Alde hemendik, utzi bakean. Hau al da zuen bakea?” oihuekin batera, manifestazioa burutu dute.
«Onartezina da herriko tabernen miaketa»

Tazio Erkiziak Santutxun eginiko adierazpenen harira, Guardia Zibilaren jokaera Euskal Herriaren kontrako “eraso zuzena” da. Herri Batasunaren mahaikide ohiaren aburuz, “eraso hauek badute erantzule politikorik: PSOEko Patxi Lopez-etik hasita Zapateroraino”.
Erkiziak azaldu duen legez, indar polizialen “probokazio hau ezker abertzalearen kontrako erasoen dinamikaren barruko beste pauso onartezin bat besterik ez da”.
Adierazpenen iturria:

2006-10-22

Oinarrizko Hezkuntza Akordioa

Hezkuntza sistema propioaren alde bat egin dute hainbat eragilek Oinarrizko Hezkuntza Akordioan

Miramar Jauregian izan dira Hezkuntza sistema nazional baten aldeko akordioa sinatu duten hainbat eragile. Funtzean, euskal ikasle orok dituen oinarrizko eskubideak defendatzea du helburu. Honen harira, Nazio Garapenerako Biltzarraren dinamikari jarraituz, lehenengo Hezkuntza Foroa antolatuko dute datorren udaberrirako.
Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren sustatzaileek, besteak beste, Euskal Herriko hezkuntza publikoaren kontzeptua eta euskal herritarren hezkuntza eskubideak definitzea dute helburu.


EUSKAL HERRITARREN HEZKUNTZA ESKUBIDEAK:

1-. Euskal Herrian bizi den herritar orok, hots, euskal herritar guztiek, nazioarteko oinarrizko eskubideen hitzarmenetan jasotako eskubideetan oinarrituta, Euskal Herrian bertan edozein ikas- mailatan edota ikasarlotan ikasteko eskubidea dute, eta ez da inor baztertuko arrazoi politiko, ekonomiko, sozial, jatorriarekin edo sexuarekin lotutako, ideologiko edo akademikoren bat tarteko edota urritasun fisiko edo psikikoren bat izateagatik.
2-. Euskal herritar orok eskolaren bidez euskalduntzeko eskubidea du. Euskal Herri osoan, edozein hezkuntza eskaintzatan euskaraz ikasteko eskubidea du. Eta hezkuntza prozesu osoan, ikasgune guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea du.
3-. Euskal herritar orok Euskal Herriko curriculum propioaren arabera hezteko eskubidea du, eta bertako nahiz munduko jendarte zein kultur adierazpenak kontuan hartuko dira.
4-. Euskal herritar orok hezkidetzan oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea du; hots, parekidetasuna lortzeko didaktikan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea.
5-. Euskal herritar orok hezkuntza oinarri demokratikoen arabera antolatzeko eta kudeatzeko eskubidea du: eskubide demokratiko guztiak (adieraztekoa, biltzekoa...) bermatuz, eskola komunitatearen aniztasuna kontuan hartuz, parte hartzean oinarritutako antolaketa zein kudeaketa demokratikoa gauzatuz, eta eskola komunitatea osatzen duten per- tsonen eta herritarren hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea bermatuz.
6-. Euskal herritar orok eskubidea du euskara eta jakintza ardatz izango dituen Euskal Unibertsitate Sistema izateko, Euskal Herriaren beharrak aseko eta bideratuko dituena.
7-. Euskal herritar orok eskubidea du hezkuntzaren bidez bere ahalmen guztiak garatzeko, pertsona kritiko eta aske izateko bidean.
8-. Euskal Herriko ikasguneetako etorkin berriei eskubide osoz euren ama hizkuntza eta kultura errespetatuko zaizkie.
9-. Hezigune bakoitzeko hezkuntza komunitateak bere Hezkuntza Proiektua izateko eta kalitatez garatzeko eskubidea du.
10-. Hau guztia posible izan dadin, euskal herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea dute. Hau da, Europako hezkuntza esparruan, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea du.

Euskal herritar orok dituen eskubideak izanik, hezkuntza sistemak guztientzat izango direla bermatu behar du. Bide horretan, «hezkuntza zerbitzu publiko» horiek ahalbidetzen direla zaindu behar du.