2006-10-16

Konponbidea


KONPONBIDErako mahaia orain!

Ikasleria epaitua

EHUko 103 ikasle epaituko dituzte 2003an Leioan itxialdia egiteagatik

Bihar epaituko dituzte, Getxon (Bizkaia), 2003an Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean atxilotu zituzten 103 ikasleak.
Espainiako Unibertsitateen Lege Organikoaren kontrako itxialdia egiten ari ziren. Hilaren 17ko epaiketaren harira, lege horren kontrako eta Bolognako prozesuaren aurkako beren jarrera berretsi dute Ikasle Abertzaleek, eta eginen dituzten mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete ikasleei.

2003ko itxialdian Unibertsitateen Lege Organikoa bertan behera uzteko eskatu zuten Leioako ikasleek, IAk gogoratu duenez, eta asmo horri eusten diotela argi utzi dute. «Europako goi mailako hezkuntza esparrua arautu nahi digute orain; Unibertsitateen Lege Organikoak mamu handiago baten neurriak malgutu besterik ez du egiten».

BOLOGNA PROZESUA TARTEAN

Unibertsitateen legea Bolognako prozesuaren bide laguna dela nabarmendu dute Ikasle Abertzaleek, eta haren egitekoa dela prozesu horrek ekarriko dituen ondorioak apurka barneratzea. Ondorio horiek asko eta oso txarrak dira IAkoen hitzetan: «Hezkuntzaren homogenizazioa dakar Bolognak, hezkuntzaren pribatizazioa. Unibertsitatea multinazionalen eta elite indartsuenen eskuetan uztea du helburu».
Euskal Herriaren gisako herri txikietan ondorio horiek are kaltegarriagoak izanen direla azaldu du IAk, tartean euskara unibertsitatetik desagertzea eta euskal edukiak baztertzea.
Bolognako prozesua inposatu nahi dutela gaineratu dute ikasleek, eta haren kontrako ahotsak isilarazi nahi dituztela. Horren adibidetzat jo dute 2003. urteko itxialdian 103 ikasle atxilotu izana, eta orain haien kontra epaiketa egitea.
Ikasleen aurkako neurrien erantzule bada Euskal Herriko Unibertsitatea ere, IAren aburuz, eta, hori dela eta, erakunde horretako agintariek ikasleen aurkako prozesuan bete duten rola gaitzetsi dute. «Inposatzaileen lagun izan da EHU; borreroen gisa jokatzen du arrotz dituen dekretuak eta prozesuak onartzen eta martxan jartzen dituenean, Unibertsitateen Lege Organikoaren eta Bolognako prozesuaren kasuetan bezala», esan dute IAko kideek.
Biharko, epaiketaren atarian, hainbat mobilizazio prestatuko dituztela aurreratu dute ikasleek, eta haietan parte hartzera deitu dute jendartea.

2006-10-15

Euskal Curriculuma

EUSKAL CURRICULUMak herritarren ekarpenak jasoko ditu larunbatean Kursaalean

Datorren larunbatean, hilak 28, “Euskal Curriculuma. Herritarren Ekarpenak.” deituriko jardunaldia burutuko du Udalbiltzak Kurtsaalean.
Hausnarketa prozesu honek hiru fase izan ditu, ikasturteko urtaro bakoitzeko bana. Lehenengoa udaberrian hasi zen: dinamizatzaileak Euskal Herri osoko 320 herri eragilerekin jarri ziren harremanetan egitasmoaren berri emateko. Ondoren, udazkenean, ekarpenak jasotzeko momentua iritsi zen. Bai herri eragileetan eta baita web gunearen bitartez jasotakoa ekarpenak bildu eta landu egin ditu talde dinamizatzaileak. Orain, negua gainean daukagula, ekitaldi publiko bat burutuko da.
Bertan herritar orok egin ahal izango du bere ekarpena. Gainera, lan hori errazteko, Udalbiltzak hainbat lantalde sortu ditu, besteak beste: hezkuntza eta sistema pedagogiko berriak, hezkuntza eta hezkidetza, hezkuntza eta komunikabideak…
Honekin, guztiarekin, Udalbiltzak herritarren ekarpenak jasoko ditu. Dena den, Curriculumaren osaketan beste bi urrats dira funtzezko: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak burutu behar dutena hain zuzen ere. Hauen lana eskola-sarean Euskal Curriculumaren inguruan ahalik eta eztabaida zabalena eman dadin bideak jartzea da.Beraz, Udalbiltzak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak burutuko duten lanarekin Euskal Curriculuma prest egongo da hilabete gutxiren buruan.

CURRICULUM EUSKALDUNA, CURRICULUM EUSKALTZALEA

Zeintzuk dira, derrigorrezko hezkuntza baten, Euskal Herriko ikastetxe batean ikasten ari den 16 urteko gazteak gutxienez ezagutu behar dituen kontzeptuak, lortu behar dituen trebetasunak eta berenganatu behar dituen baloreak?
Galdera hori erantzuteaz arduratuko da Euskal Curriculuma, izan ere, Euskal Herri osoko hezkuntza sisteman aplikatuko da. Honek, hezkuntza euskalduna, partehartzailea, hezkidetzailea, euskaltzalea… bideratuko du.
Honekin, guztiarekin, batez ere, Euskal Herriko hezkuntza sistema nazional bat sortu nahi da non hezituko diren belaunaldi berriak hezkuntza euskaldun eta euskaltzalea jasoko duten; horrela, Euskal Herri berri bati bidea eginez.